Elhuyar.org-en menua

Entzun Elhuyar aldizkaria

Londres 2012rako pasaportea biologikoa da

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Dopinaren aurkako neurrietan jauzi kualitatibo bat gertatzen ari da urte hauetan. Kirolarien iruzurrari aurre egiteko, dagoeneko ez dira bakarrik debekatutako substantziak bilatzen; kirolariaren parametro fisiologikoei ere jarraipena egiten hasi zaie, eta, ezusteko gorabeherak dopintzat har daitezke, nahiz eta ziur ez jakin debekatutako substantziak edo metodoak erabili diren. Pasaporte biologikoa da; jada kirol batzuetan aplikatzen ari da, eta azkar ari da zabaltzen. Bide horretan, xiringak eta gernua jasotzeko hodiak prest daude Londresko Joko Olinpikoetarako.

londres-2012rako-pasaportea-biologikoa-da
Arg. Londres2012 ©

Helder Ornelas atleta portugaldarra ez da Londresko Joko Olinpikoetara joango. Sydneyko jokoetan, 5.000 metroko lasterketan parte hartu zuen, eta Pekingo jokoetan, berriz, maratoian. Baina Londresko jokoetan ez du batean ez bestean parte hartuko; Portugalgo Federazioak lau urtez utzi du lehiatzeko gaitasunik gabe, positiboa eman duelako dopinaren aurkako analisietan. Berez, ez diote substantzia debekaturik detektatu gorputzean, eta ez dute frogatu bestelako prozedura ez baimendurik erabili duenik. Baina adituek uste dute nolabait dopatu dela.

Salaketa pasaporte biologikoaren kontroletatik dator. 2009ko abendutik 2010eko azarora bitartean egindako analisiei esker, Ornelasen ohiko odol-parametroak erregistratuta zeuden. 2011ko maiatzeko odol-analisietan parametro horiek aldatu egin ziren; irregulartasunak zeuden, eta Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak (IAAFek) hiru adituri egin zien kontsulta Ornelasen kasuari buruz. Hirurak ados zeuden: irregulartasunak izateko azalpen logikoena dopina da. IAAFek expediente bat ireki zion kirolariari, eta lau urtez zigortzeko gomendioa egin zion Portugalgo Federazioari. Eta federazioak, gomendioari jarraituta, zigortu egin zuen kirolaria.

--> Iñaki Arratibel kirol-medikuaren analisia dopinaren aurkako borrokari buruz.

Lehen kasua izan zen, baina litekeena da askoz kasu gehiago izatea. Litekeena da, adibidez, kirolari batek ohi baino parametro baxuagoak edo altuagoak izatea jokoetan, eta zigorra jasotzea horregatik. Hala nabarmendu nahi izan zuen King's College-ko David Cowan ikertzaileak, jokoetan analisiak egingo dituen laborategiaren arduradunak.

Londresko jokoak izango dira orain arteko kontrol zorrotzenak izango dituzten Joko Olinpikoak, alde handiarekin. Uztailaren 27an hasiko dira, eta 17 egun iraungo dute. Epe horretan, 150 zientzialariko taldeak egingo ditu normalean urte batean egiten dituzten analisi-kopuru bera: gutxienez 6.250 gernu-analisi eta kirolarien % 20ren odolaren analisiak. Han, jakina, debekatutako substantzien aztarnak bilatuko dituzte kirolarien odolean eta gernuan, eta, horrez gain, pasaporte biologikoaren eboluzioa miatuko dute.

Arg. Londres2012 ©

Odola, hormonak eta esteroideak

Asmoa da kirolari baten eboluzioa hiru profil aztertuta miatzea. Alde batetik, kirolariaren analisi hematologikoa sartzen dute, bestetik esteroideena, eta, azkenik, endokrinologikoa. Lehenengoak globulu gorrien kopurua eta egoera aztertuko du, eta beste biek hormonen presentzia. Kasu guztietan, gorputzak sortzen dituen produktuak dira, eta, beraz, zaila da bereiztea haien maila altuak kanpotik injektatu izanaren ondorio diren ala ez. Hortik dator pasaporte biologikoaren ideia: ustez, gorputzean substantzia horiek ez dituzte gorabehera handiak ez bada irregulartasun baten ondorioz, eta, horregatik, profil horien eboluzioa denboran aztertuta jaso daiteke irregulartasunen berri. Hori gertatzen denean, azterketa gehiago egin daitezke irregulartasunaren jatorria dopina den ala ez erabakitzeko.

Hala ere, oraindik ezin dituzte hiru profilak kontrolatu, horretarako metodologia ez baitute martxan jarri, eta Londresko jokoetan ere ez dira aztertuko ez esteroideen ez beste hormonen profilak. Hortaz, oraingoz, profil hematologikoa bakarrik neurtzen dute pasaporte biologikoan.

Odol-analisiek lehentasuna izan dute, EPO ospetsua eta odol-transfusioak direla eta. Hain zuzen ere, bi horien kontrola izan da pasaporte biologikoa asmatzeko arrazoi nagusietako bat. EPO, eritropoietina, globulu gorrien sorrera martxan jartzen duen molekula bat da, hormona bat. EPO injektatuz gero, globulu gorrien produkzioa handitu egiten da. Eta efektu bera lortzeko beste bide bat da globulu gorri asko duen odolaren transfusioa egitea lehiaketa baino lehen. WADA dopinaren aurkako nazioarteko elkarteak dopintzat hartzen ditu bi jarduera horiek, baina zailak dira detektatzeko.

Oiana Blanco. Judoka. Orio, 1983. Londreskoak izango dira harentzat lehen joko olinpikoak; han, ez dute pasaporte biologikoarekin kontrolatuko. Arg. © Oiana Blanco

Pasaporte biologikoaren odolaren profilerako, hematokritoa, hemoglobina, erretikulozitoen portzentajea eta beste bost adierazle neurtzen dituzte, denak oxigenoaren garraioarekin zerikusia duten faktoreak. Kontrolak ugariak dira. "Federazioak egiten ditu analisiak, eta, horretaz gain, WADAk eta IAAFek ere egiten dituzte kontrolak" dio Mikel Odriozola Londresko jokoetan 5.000ko lasterketan parte hartuko duen atletak. "Analisi gehienak txapelketetan izaten dira, baina maiz izaten dira ustekabean egindakoak. Normalean, txapelketetan odol-analisiak izaten dira. Txapelketatik kanpo, gernuarenak eta odolarena izaten dira; Espainiako Federazioak gernuarena bakarrik egiten du, eta odolarena, normalean, WADAkoek egiten dute".

Odriozolaren erregistroa, gainera, aspaldiko datuekin osatuta dago. "Betidanik ari naiz kontrolak pasatzen. 1996an, Bartzelonako San Cugat-eko errendimendu altuko zentroan hasi nintzen, eta, geroztik, urtean bizpahiru kontrol egiten ditut". Hala ere, hainbeste datu jasotzeak ez du kirolarien kontrol perfektua bermatzen.

Dopinik gabeko aldaketak

Alde batetik, ez da ziurra pasaporte biologikoaren sistemak mikrotransfusioak detektatuko dituenik. Bestetik, odol-parametroen gorabeherak, adibidez, ez dira nahitaez dopinaren adierazle. Bidaiek, tratamendu medikuek, istripuek, elikadura-aldaketek eta beste faktore askok alda ditzakete kirolariaren parametroak, eta, horregatik, pasaporte biologikoaren kontrolak behartzen ditu kirolariak beren bizitzaren berri emateko, txapelketan egon ala ez.

Mikel Odriozola. Atleta. Errenteria, 1973. Pekingo 2008ko Joko Olinpikoetan izan zen, eta Londreskoetan ere izango da. Pasaporte biologikoaren kontrola izango du. Arg. © Mikel Odriozola

"Egunero esan behar duzu non zauden, 24 orduetan" azaltzen du Odriozolak. "Hiru hilabetean behin betetzen ditugu fitxa batzuk. Idatzi behar duzu zer txapelketa egingo dituzun, non entrenatuko duzun eta abar. Eta hiru hilabete horien barruan bat-batean tokiz aldatzen badut, astebetez adibidez, abisatu behar dut han egongo naizela".

Hala ere, bizitza pertsonalaren kontrol zorrotz hori ez da bakarrik pasaporte biologikoaren kasuan izaten. Londresko jokoetan pasaportea kirol batzuetan bakarrik aplikatuko dute, --atletismoan, arraunketan, triatloian, txirrindularitzan eta igeriketan--; judoan, adibidez, ez da erabiliko, eta, hala eta guztiz ere, judokei egindako jarraipena zorrotza da.

Oiana Blanco Londresko jokoetara joango den judoka adibide ona da. "Ni ADOren planean sartuta nago [ADO Espainiako Kirol Olinpikoaren Elkartea da]. Idatzi behar izaten dut non egongo naizen une guztietan. Hiru hilean behin bidali behar da erregistroa goiz eta arratsaldez non egongo zaren esanez". Dena den, analisien kopurua txikiagoa da. "Niri gernu-analisiak bakarrik egiten dizkidate. Urtean bi edo hiru aldiz izaten da, batzuetan ezustean egindakoak".

Pasaportearen etorkizuna zalantzan

Arg. Londres2012 ©

Kirol eta herrialde guztietako federazioek ez dute pasaporte biologikoa onartu. Ideiak urte gutxi batzuk besterik ez du; txirrindularitzaren mundutik dator. 2007an proposatu zuen UCI txirrindularien Nazioarteko Elkarteak, eta 2008ko hasieran hasi ziren aplikatzen. Urte gutxi hauetan beste kirol batzuetara zabaldu da, eta badirudi joera kirol guztietara zabaltzea dela. Adibidez, Frantziako Parlamentuak lege bat onartu du 2013ko uztailetik aurrera kirol guztietan aplika dadin.

Baina kritika zorrotzak ere baditu. "Denak balio du dopinaren kontra egiteko?" galdetzen du Guillermo Amilibia kiroletan espezializatutako abokatuak Iusport web espezializatuan. Kontuan hartu behar da pasaportearen sistemak ez duela bermatzen zigortu den kirolaria dopatu denik. Errugabetasun-presuntzioa ez du errespetatzen. Gainera, kirolariari jarraipen zorrotza egitea garestia da, garestiegia herrialde batzuentzat.

Uztailaren 27an hasiko dira Londresko Joko Olinpikoak, orain arte pasaporte biologikoak izan duen hitzordurik garrantzitsuena. Proba modura har daiteke han gertatzen dena. Gerora, ikusi beharko da zeinek eta zertarako onartzen duen pasaporte biologikoa.

Debekuen zerrenda
Pasaporte biologikoaren kontrolak ez du zuzenean substantzia debekaturik bilatzen, baizik eta parametro fisiologikoen jarraipena da. Baina jarraipen hori egin bitartean ere, ohiko kontrolak ere egiten dituzte, eta kontrol horietan, bai, bilatu egiten dira substantzia debekatuak. Zein dira substantzia horiek? Bada, dopinaren aurkako nazioarteko erakundeak, WADAk, urtero berritzen du substantzien zerrenda bat dopina zer den eta zer ez den zehazteko.
Substantziak sailkatuta daude. Batzuk beti daude debekatuta, eta beste batzuk lehiaketak irauten duen bitartean bakarrik. Eta bi talde horiek ere azpitaldetan sailkatuta daude.
Beti debekatuta dauden substantzien lehen azpitaldea anabolizatzaileak dira, ehunen hazkuntza sustatzen duten produktuak. Zerrendan argi eta garbi ageri da: "Anabolizatzaileak debekatuta daude". Talde horretan, esate baterako, klenbuterola dago, Alberto Contador txirrindulariaren kasuan detektatu zutena. Bigarren taldea hazkuntza-faktoreak dira, intsulinak adibidez. Hirugarren taldean substantzia beta agonistak daude. Adrenalinak duen efektu bera duten substantziak dira: zeluletan kaltzio-ponpak irekitzen dituzte, eta bihotza estimulatzen dute. Laugarren taldean, metabolismoa erregulatzen duten hormona batzuk daude. Eta, bosgarrenean, substantzia diuretikoak eta beste substantzien efektuak estaltzen dituzten substantziak daude.
Lehiaketan zehar debekatuta dauden substantzietan lau talde daude: estimulatzaileak (adrenalina bera, esate baterako), narkotikoak, kanabinoideak eta glukokortikosteroideak.
Zerrendak debekatutako hiru jarduera-mota ere aipatzen ditu: oxigenoaren garraioa sustatzeko metodoak, manipulatze fisiko eta kimikoak (transfusioak, adibidez) eta dopin genetikoa (manipulatutako geneen erabilera, adibidez).
Talde horietan guztietan, salbuespenak eta zehaztasunak daude. Kirol jakin batzuetan debekatuta dauden berezko substantzien zerrenda txiki bat ere badago.
0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Facebook ireki

Edizioak

PRIMERAN! Ikaslearen materiala
PRIMERAN! Ikaslearen materiala
33,25€Erosi
Armand David, pandaren aita
Armand David, pandaren aita
17,10€Erosi

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
ORONA Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
Eika Koop. Elk.
Ekin Koop. Elk.
Cikautxo Group

CC BY-NC-ND cc by-nc-nd 2011 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna