Elhuyar.org-en menua

Entzun Elhuyar aldizkaria

Janari beroa jan eta neuronak sortu

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

janari-beroa-jan-eta-neuronak-sortu
Arg. Elhuyar Fundazioa

Sukaldaritza eta garunaren garapena lotuta daude, Rio de Janeiroko Unibertsitateko ikertzaile-talde baten arabera. Hain zuen ere, janari gordina jatea muga bat da neurona-kopuru batetik gora garatzeko. Arrazoia da neurona asko garatzeak energia eskatzen duela, eta energia gehiago eskuratzen dela janari berotik janari gordinetik baino.

Ikerketa primateekin egin dute, gizakia barne. Primate guztien artean, gizakia da neurona-kopuru handienekoa, eta aldea oso handia da. Txinpantzeek 28.000 milioi neurona dituzte garunean, gutxi gorabehera, eta gorilek 33.000 milioi. Gizakiaren kasuan, kopuru hori askoz handiagoa da: 86.000 milioi neurona. Neurona-sare handi hori lanean izateak energia asko kontsumitzen du; hain zuzen ere, gorputzak behar duenaren % 20.

Rioko taldeak ikertu du energia horren guztiaren iturria, eta ondorioa da iturria janari berotua izan behar duela nahitaez. Ikerketaren kalkuluen arabera, janari gordinetik bakarrik lortu behar izango balu, gizakiak egunean 9 ordu eman beharko lituzke jaten.

Ondorio hori bat dator homoaren eboluzioaren beste ikerketa batzuen emaitzekin. 1990eko hamarkadaren bukaeran, Harvard Unibertsitateko primatologoek proposatu zuten giza garuna duela 1,6-1,8 milioi urte handitzen hasi zela, hain zuzen Homo erectus janari berotua jaten hasi zenean. Suzana Herculano-Houzel Rio de Janeiroko Unibertsitateko buruak dio janaria berotzeari esker mantendu ditzakeela gizakiak hainbeste neurona. Adituek ez dakite zenbat neurona zituen hominido hark, baina suposatzen dute garun handiagoa izateak neurona-kopuru handiagoa ere izatea esan nahi duela.

Hala ere, hori ez da espezie guztientzako arau orokorra. Munduko garunik handiena, elefantearena, gizakiarena baino sei aldiz handiagoa da, baina haren neurona-kopurua 3,6 aldiz txikiagoa da gizakiarena baino. Gorilaren eta txinpantzearen kasuetan, diote Rioko ikertzaileek, janari gordina janda izan dezaketen neurona-kopuruaren goia jo dute.

5.0/5 rating (1 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Facebook ireki

Edizioak

Platonen urmaela. Lapurtutako giltzaren bila
Platonen urmaela. Lapurtutako giltzaren bila
13,30€Erosi
Biziaren sarea ehuntzen
Biziaren sarea ehuntzen
15,20€Erosi

Elhuyar sarean

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
ORONA Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
Eika Koop. Elk.
Ekin Koop. Elk.
Cikautxo Group

CC BY-NC-ND cc by-nc-nd 2011 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna