Entzun Elhuyar aldizkaria

Giza garezur arkaiko gazteak aurkitu dituzte Txinako hegoaldean

Duela 14.500 eta 11.500 urte artekoak dira, eta ezohiko ezaugarriak dituzte garai hartarako

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

“Orein gorrien haitzulotarrak” izena jaso du Txinako hegoaldean duela 14.500 eta 11.500 urte artean bizi zen giza populazioak. Maludong eta Longlin aztarnategietan aurkitu dituzte lau giza garezurren fosilak, eta, PLoS ONE aldizkarian argitaratutakoaren arabera, ez ziren Homo sapiens modernoak.

garezur-arkaiko-gazteak-aurkitu-dituzte-txinako-he
Homo sapiensen ezaugarri moderno eta arkaikoen nahastea duten garezurrak aurkitu dituzte Txinan, duela 11.000 urtekoak. Irudiko itxura hau izango zutela uste dute ikertzaileek. Arg. Peter Schouten

Homo sapiensen ezaugarri anatomiko moderno eta arkaikoen nahastea dute garezurrek, eta elkarren artean oso antzekoak dira fosilak. Horregatik, ikertzaileek uste dute populazio bereko kide zirela, baina ez gaurdaino iritsi den Homo sapiensaren lerrokoak. Txinako Arkeologiako Yunnan Institutuko eta Australiako Hegoaldeko Gales Berriko ikertzaileek aztertu dituzte garezurrak, eta haien ezaugarriak munduan barrenako beste fosil zaharragoekin alderatuta, proposatu dute litekeena dela Homo sapiensaren migrazio goiztiar baten ondorengoak izatea, isolatuta iraun zutenak geroagoko migrazio-aldietan iritsi zirenenekiko. 

Aurkikuntzak Homo sapiens moderno garbiak ez diren gizakiak jarri ditu giza eboluzioaren mapan, lur kontinentaletan bizi zirenak, gure arbaso zuzenak ehiztari-biltzaile izatetik nekazaritzarako trantsizioaren lehen pausoak ematen ari ziren garaian.

EHUko Antropologo Alvaro Arrizabalagak interesez eta zuhurtasunez hartu du aurkikuntzaren berri: “Ondo argitaratuta dago eta fosil kopurua ona da, baina egiaztatu egin behar da oraindik, ezaugarri anatomiko horiek dituzten fosil gehiago aurkitu behar dituzte, eta frogatu ez direla patologikoak; aurkikuntza sedimentatzen utzi behar da, eta ikusi zer esaten duten gainerako ikerketa-talde eta zentroek”. Arrizabalagaren esanean, Homo generoaren filogenetika arlo konplikatua eta delikatua da, eta, horregatik, artikulu bat ez da aski. “Lehenengo kolpea ematen du" dio, “baina gero itxoin egin behar da, urteetan, fosil horiek erregistroan sendotu arte”.

Edonola ere, uste du aurkikuntzak berriz mahaigaineratzen duela filogeniaren teoria poligenetikoa, hau da, gizaki modernoa jatorri genetiko bakarrekoa ez baizik hainbatekoa dela, tokian toki garatutako lerro eta gertatutako hibridazioen emaitza askotarikoa. “Txinako antropologoen artean betidanik egon da oso zabalduta egungo txinatarrak ez direla Cro-Magnongo gizakiaren lerro zuzenekoak, bide alternatibo batekoak direla —gogoratzen du Arrizabalagak—; kondaira bat da ia-ia, nahiz eta duela urte batzuk txinatarren DNAren laginketa eta azterketa oso zabal batek frogatutzat eman jatorri berekoak direla”.

Gizaki modernoaren geneetan gordeta

Lau garezur fosiletako bat Arg. Darren Curnoe

Ezin izan da egin orein gorrien haitzulotarren DNA-azterketarik, , eta, ondorioz, ezin da jakin gaur egungo txinatarren populazioan arrastorik utzi ote duten. Fosilak aspaldi aurkitutakoak izateak azterketa hori zaildu egiten duela azpimarratu du Arrizabalagak. DNAren azterketan kutsadura da arriskurik handiena, eta garezurrak duela hamarkada batzuetakoak dira: “zaila da kontrolatzea aspaldian aurkitutako fosilek zer bilakaera izan duten eta beste zer elementuekin egon diren kontaktuan bildumatuta egon diren bitartean”.

Antzinako DNAren azterketan eman diren aurrerapenek duela oso gutxi ireki dute desagertutako giza espezieek gurean aztarna genetikorik utzi duten jakiteko bidea. Hain zuzen ere, 2010ekoak dira aurkikuntza nabarmenenak. Orduan iragarri eta eman zen frogatutzat neandertalek “ekarpen txiki bat” egin diotela Eurasiako populazioari, eta orduan argitaratu ziren Siberiako Denisova haitzuloan aurkitutako 40.000 urteko fosilaren emaitza genetikoak ere. Ez zen Homo sapiens, ez Homo neanderthalensis ere, eta Melanesiako egungo biztanleek populazio haren arrastoak gordetzen dituzte beren geneetan. Neandertalaren ekarpen genetikoarekin ez bezala, “eztabaida nahiko handia dago Denisovako fosilarekin”, dio Arrizabalagak, “hain zuzen ere, identifikazioa DNA bidez soilik egin zelako; fosil txiki bat zegoen bakarrik, ale oso gaztea zen, eta fosila ez da existitzen dagoeneko, dena txikitu behar izan baitzen analisi hori egiteko”.

DNAren analisien emaitzak eta Asian urte gutxian egin diren aurkikuntzak —Floresko gizakia, Denisovakoa eta azken hau— abiapuntutzat hartzen ditu Arrizabalagak, ez helmugatzak: “Denborari funtzionatzen eta filtratzen utzi behar diogu; eta argi izan halako aurkikuntzak oso interesgarriak direla filogenia eta eboluzioa aztertzen dutenentzat, baina gure jatorriaren ikuspuntutik ez dutela eraginik, ez badituzte beren zantzu genetikoak utzi egungo populazioan”.

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
ORONA Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
Eika Koop. Elk.
Ekin Koop. Elk.
Cikautxo Group